Eta hala ere, ezinezkoa da ezer ez uztea. Batek, bere izena googlen bilatu eta sarrerarik agertzen ez bada ere, edo agertzen ez denean batez ere, eman egiten du, eman eta eman. Hartu ere bai, bestela ezin liteke, baina eman egiten du. Mundua edertzen duena ekintza xumeen batuketa da: hitz amultsu batzuk, irribarre goxo bat gehiena behar denean, besarkada bero bat, muxu bat. Maitasun keinu bat, adiskidetasun mezu bat, espero ez zenuen telefono dei bat. Ezin dira artxiboetan gorde, ihesi doaz, bizirik daude, galdu egiten dira, eta hala ere, keinu horiexek egin zaituzte, keinu horiexek ekarri zaituzte honaino. Ez duzu besterik utziko, ezta beharrik ere.
Etxetik urrun, Durangotik aparte, bat-batean azoka etorri zaizu gogora. Zenbat idazle, zenbat musikari, zenbat langile. Zenbat lagun, zenbat lan, zenbat borondate. Eta zenbat jende, zenbat euskaltzale, zenbat zenbat kultura batek bizirik iraun gaitzan. Gero eta antz handiagoa izan arren, zuretzat Durango ez da sekula izango megadenda bat. Eta kultura ez da izango industriaren adar. Liburuak eta kantuak zer dira ba, besterentzat utzitako keinu txikiak ez badira? Zer dira ba, ez badira herriak herriari emandako hitz amultsu batzuk?
JIRA
Kultura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu