Angel Erro.
JIRA

Lagun futbolzalea

2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Badut lagun futbolzale bat. Horrek abantaila txikia ematen dit haren gainean. Oso erraza delako futbolzale bat zirikatzea. Aski dut bere taldeak zer egin duen galdetzea, galdu duela dakidanean, edo oraindik zer postutan dagoen, irabazi duela dakidanean. Berari esker ikasi dut ligaren aurtengo egutegia estuagoa dela (aste batzuetan ligako bi partidu egonda), Qatarren izatekoa den Munduko Futbol Txapelketa azaro-abenduan jokatuko delako; ezin, beroagatik, udan egin, ohi bezala.

Lagun futbolzaleari gaizki iruditzen zaio Munduko Txapelketa giza eskubideak begiratzen ez dituen herrialde batean egitea, jakina. Ez partiduei boikota egiteko beste (nik ez diot halakorik eskatzen). Eta ados dago zenbait selekziok ortzadar-besokoa eramatearekin, jakina. Honelakoek nolabaiteko irekitasunari bide emanen omen diote. Nik ez diot kontrakorik esaten, baina zirikatzeagatik erakutsi diot Erresuma Batuko Atzerri ministroak futbolzale homosexualei eskatu diena: Qatarreko ohiturekin begirunea izateko.

Antza, norbaiten ohitura besteek zerbait ez egitea ere izan daiteke. Ez gintuen harritu beharko: ez al du Tuterako alkateak Nafarroako zonalde ez-euskalduna blindatu nahi? Kanpoko ohitura txarrak kutsakorrak dira, antza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.