Iritsiko da astelehena, eta iratzargailuak esango dizu, oihuka, biolentzia errepikakor eta hotzez, jaiki egin behar duzula, iritsi dela lanera joateko ordua, eta bizitzak zentzua hartzen duen segundo hamarren horretan, zertarako jaiki behar duzun galdetuko diozu zeure buruari, eta asko jota hiru segundo beharko dituzu, gehienera bost, berriro ere arrastoan sartzeko, zure lanaren truke jasotzen duzun soldataz akordatzeko, eta ordaintzeko dauzkazun zorrez, eta erosi nahi dituzun zapatez, eta hil aurretik ezagutu nahi dituzun lekuez, eta gainera, askotan etortzen zaizu astelehen goizez, hiltzeko ere dirua behar da.
Abiatuko zara lanera, eta jendea gurutzatuko duzu, bakoitza bere bidean, bakoitza bere munduan, haiek ere lanera doaz, haiek ere dirua behar dute hiltzeko. Eta egunkaria irakurriko dute bidean, edo tabernan, kafea hartu bitartean, edo interneten sartuko dira bazkal orduan, edizio digitalak begiratuko dituzte, eta irakurriko dute Marokoko armadak masakrea eragin duela Saharan, edo ez, zuzenean joko dute kiroletara, telebistan zer dagoenbegiratuko, eta akaso, zutaberen bat irakurtzeko astia hartuko dute, zeuk bezalaxe, eta espero baino eskasagoak izango dira guztiak.
Laneguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu