Maialen Akizu.

Harroputz

2024ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun

Harroputzek eta bilerek antza daukate: ez dute fama onik, baina tarteka inbidia sortzen dute. Normalki izango gara harroputz hala nahi gabe, eta izango dituzu bilkurak baitezpadakoak, baina desio dugu une batzuetan harropuztea, eta desio, bilera batzuetara bertaratzea. Niri desira edo kuriositatea sortzen didan bileretako bat Euskaltzaindiarena da. Zehazki «euskal formen onarpen, moldatze edo fintzea» adosten den bilkura. Mahaiak borobil forman irudikatzen ditut, eserlekuak esleituta. Elkar agurtzen dute neurritsu, eta kanpai hotsekin batera hasten da erronda: karpeta edo bloketan dakar bakoitzak betaurrekorik gabe nekez irakur daitekeen proposamen sorta, sei hilabeteko gogoeta eta erreferentziaz ondua. Azken eguneratzean 843 forma onartu eta beste 2.376 forma moldatu edo findu dituzte, baina 29 urterekin Gazte-txartelarekin pasatzen den moduan, izan dira sarrera kendu dieten hitzak ere. Hori gertatu zaio mantartu-ri, egun bezperako ogirik mantartuko ez balitz bezala; hori gertatu sutantz-i, noiz eta ilbeltzean, bere ingurumariak goxa gaitzakeenean; hori gertatu latsa-ri, garbitu faltan ez gabiltzanean. Harroputza izan nahi nuke hitz hauen sarrera itzultzeko eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.