Ez naiz hizkera militar eta erregezalean aditua; beraz, ez dakit erregeari lehen soldadua deitzearena, espainiar telebistan egunero ateratzen den jeneral bati entzun diogun bezala, ohiko figura erretorikoa ote den edo ekarpen pertsonala, eta, edonola, zer adierazi nahi duen zehazki, erregea soldadu guztien buruzagia dela ala soldadu guztietan prestuena edo boluntarioena, bere burua sakrifikatzeko prontoena. Lehen aukera behar du, ez duelako inork ikusi kanpaina ospitaleak muntatzen edo kaleetan zehar patruilan. Horren ordez, komediazko genero dibertigarrienetako baten protagonista nagusi bilakatu da. Monarkikoek izan ohi duten sarkasmorako jaidura miresgarria da. Borboitarraren irudiaren garbiketan buru-belarri, ez dute barregarri gelditzeko beldurrik. Felipek berak honi eta besteari deituta lortzen omen dituen maskaren berri zabaltzen dute, aitak bezala, horregatik poltsikora ditzakeen komisio posibleak nabarmenago gelditzen direla.
Ostiralean desfile militarra izan genuen Iruñeko alde zaharrean. Ofizialki egoitza batzuk desinfektatzera zetozen. Hizkera militarraren ulergaitza. Mantal zuririk gabe, berdez jantzita erakutsi ziren karriketan. Lehen soldaduarekin bezala, maniobra eta propaganda hutsa.
JIRA
Lehen soldadua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu