Angel Erro.
JIRA

Loreontzia

2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ez dut berriro eginen. Ahaleginduko naiz. Ez dut berriro txiza eginen tranpaleko loreontzi batean. Egiaztatu dut landarea zimeltzen dela. Susmoa nuen. Umetako oroitzapen bati zor, nekien nik gernuak landareen sasoia kaltetzen duela. Gure aitona-amonaren parez pareko auzokidea (berez amonaren ahizpa zen, baina berak vecinica deitzen zion beti, Granadako malafollá ospetsuaren ateraldian) behin kexatu zen gure aitonak tranpaleko loreontzian txiza egin zuela, landareak zimel zitezen, ez omen zuelako hor lorerik nahi.

Beraz, nik txiza egin bitartean susmatzen nuen landare ederra nekez aterako zela bizirik, lorea, gainera, gurea zelako larrigarriarekin. Etxean ez dut deus esan, ez esanen, aitzakia badudan arren. Ez nintzen gauza izan komunetik bereizten ninduten hamar-hamabost metroak egiteko. Eskerrak maskuria ez zitzaidala igogailuan askatu, tanta batzuk alde batera. Neu izan naiz neure inkontinentziarekin harritzen lehena. Egun batetik bestera agertu izanarekin ere. Gero gogoetatu dut omikrona saihestu nahian etxerako bidean komun publikorik ez eta inongo taberna edo kafetegitan ez sartzeko deliberoak lagundu ez duela. Datorkigunaren aurrerapena.

Hurrengo egunean parkeetako zokoak lokalizatzen hasi naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.