JIRA
Neutralizatu
Berriz egin dute. Ustezko terrorista bat, heriotzak eragin omen dituena, bilatu, eta tiroz hil dute, atxilotu beharrean. Gero, ideologiaren transmisio uhalarena egiten duen prentsak notizia termino militar edo are zinegetikoetan zabaldu dute («le terroriste a été neutralisé», «el sospechoso, abatido por la policia»...). Berriz egin dute, eta herritarrak honelakoetara ohitzen hasteko arriskuan gaude. Kasu bakan batzuk balira, defentsa pertsonala edo zailtasun handiko operazioaren amaiera tragiko eta halabeharrezkoak balira bezala proiekta genezake geure irudimen zinematografikoan. Baina susmagarri gertatzen hasi zait. Barkatu, ez naiz gaiztoen aldean paratzen ari. Badakigu ezkertiarrok nolakoak garen, saltsa mehe egitea hainbeste gustatzen zaigu, terroristak defendatzen amaitzea ez baita gauza arraroa. Berez, geure burua (eta mundu guztiarena) ari gara defendatzen. Beste egoeratan ere ikusi dugulako terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiaz guztion eskubideak noraino murriztu diren. Eta epaitua izatearena, epailearen aurrera bizirik iristea (gerokoak gerorako), berez, aski eskubide oinarrizkoa iruditzen zait, ustezko terroristen neutralizazio edo akabatzea hain arin pasarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu