Asteko notizia bitxia, komikoa, egunerokoaren giro itogarria pixka bat arintzera etorria ematen zuen. 20 urteko gazte bat Espainiako goi bilera, harrera festa eta horrelako ekitaldi askotara sartu da beste nortasunak iruzurrez ordezkatuz. Askok haren gainean pelikula bat egiteko eskatu dute, Steven Spielbergen Catch Me If You Can (2002) gogoan. Espainiako telebista publikoak, izan ere, film horixe eman zuen igande bazkalondoan, oraindik norbaiti lotura bururatua ez bazitzaion. Medioek «Nicolas txikia» bataiatu dute, ez Sarkozy, baizik eta Goscinnyren pertsonaia gogoan, bihurrikeria irudia indartuz.
Baina Nicolásek badu abizenik. Atzo jakin da 1981eko estatu kolpeagatik kondenatutako militar baten biloba dela. Epaileak aske utzi du, kasua argitu bitartean. Fiskaltzak, hots, zuzenean gobernuaren organo batek, berriz, fidantzarik gabeko presondegiratze inkomunikatua eskatzen zuen. Gehiegitxo, nire ustez, iruzurgile huts batentzat. Ai, baina, Ezin Esanezkotik hurbilegi aritu da Francisco Nicolás Gómez Iglesias, mekanismo usteldu guztien berri badu eta goi esferetako aire kutsatuaren ahokada ekarri digu.
Urrutira iristea zuen, FAESen ikasitakoak aplikatuta, baina urrutiegi joan da.
JIRA
Nicolas
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu