Jira

'Obrigado'

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Gau osoa furgonetan egin ostean, goizarekin iritsi dira portugaldarrak gure etxeak infernutik zeruraino jasotzera: bizitza mailu bat da. Eta mailu batekin josten dituzte lanean hildako gizon-emakumeen katabutak. Mailu batekin, oroimenaren tiraderak. Zenbat hil ziren Anoetako estadioa eraikitzen?

Langile finak dira, eta merkeak, lehiaketak irabazten eta kontratuak lortzen ez dakite, baina azkenean lana eurek egiten dute beti, zuloak egin, porlana prestatu, adreiluak jarri, igeltsua eman, oholak josi; euren nekea jaki, jantzi, jai bihurtzen da hemengo etxe askotan. Zenbat enpresak izaten ditu irabaziak gau osoa furgonetan egin ostean gure etxeak jasotzera etortzen diren portugaldarrekin?

Herrialde atzeratu batekoak baitira, ez dute talenturik, ez dakite lanean besterik. Azkarrak balira, talenturik balute, jakingo lukete honezkero dirua eta aberastasuna ez direla lana eginez lortzen, askoz hobe dela lagunak izatea diruak banatzen diren tokietan, badakizu, talentudun jendea dagoen lekuetan, edo armak saltzea bakearen izenean.

Ez zen alferrik talentua moneta baten izena. Orain ere, errazagoa da dirua daukanak talentua izatea, talentudunak lanean ikustea baino. Jakin egin behar baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.