Entzun duzu hori? Urteberri gauean 5.000 txori erori ziren lurrera AEBetako Arkansasen. Oraindik ez dakite zergatik gertatu den.
Bost mila zozo, banaka-banaka, kolpean, ziztuan jausten, lurraren kontra lehertzen, gorpuñoa beltz, odola gorri, mokoa hori. Bost mila zozo, gorpuñoa gorri, mokoa hori, odola beltz. Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzi, hamar, hamaika. Aste osoko zutabeak beharko nituzke denak zenbatzeko. Eta hala ere ezingo nuke hitzez adierazi nire begien atzeko aldeak ikusten duena. Bost mila zozo, lurraren kontra lehertzen, plast, plast, plast, plast, plast, banaka-banaka, galipotaren kontra, harriaren kontra, teilatuaren kontra, lurraren kontra, heriotza ari du Arkansasen, baina izan zitekeen berdin-berdin Gasteizen.
Oraindik ez dakite zergatik gertatu den.
Aurtengoa hobea izango da, ezin du okerragoa izan, esaten dute, esaten dugu, nola erabakitzen duzu zein pertsona erabili, zenbateraino ari da bat beti gezurretan, zenbateraino da zehatza eta zintzoa, oraindik ez dakite zergatik gertatu den. Eta zozoek, badakite zergatik gertatu den, badakite zergatik jausi diren ziztuan, banaka-banaka, zergatik lehertu diren lurraren kontra urtearen hasieran?
Jira. Xabier Gantzarain
Pertsona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu