Maialen Akizu.

Saguek barre

2024ko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Pentsaezinak zirenak jakiten dituzunean, akabo. Euren esku zaude. Nahi dutena egiten dute zurekin, eta zu bihurtzen zara pentsatu ezin duena.

Hiru urteko haurrari kontatu zioten ezkontza batera gonbidatu zituztela eta ezkontza bat zer den. Egunak jendeari bestela begiratzen pasatu ditu haurrak, zuhur eta mesfidati, eta azkenerako amari galdetu dio: ama, ni norekin ezkonduko naiz? Gertatzen da larrua jotzea zer den ulertzen ari zarela inguruko denak irudikatzea horretan, edo tabernako komunean lehenengoz norbait drogatzen ikusi duzunetik denak iruditzea begi hanpatu eta sudur luzeko.

Ikerketa batek frogatu du saguek barre egiten dutela. Irribarrea eta algara bereizten dituztela. Eta, are gehiago, kilimak ere badituztela. Saguek umorea ez dute orain deskubritu; betitik egin dute barre, betitik egin digute barre. Baina gure belarria ez zen kapaz euren soinu ultrasonikoak atzemateko. Nik entzun izan ditut saguak barrez. Jijiji agudoa egin izan didate, bihurri, saltotxoak emanez. Aspaldi ametsetan azaldu gabe zeuden. Bart, ordea, besapean kilimak eginez aritu zaizkit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.