Errazegia da akaso nork bere baldarkeriak eta akatsak ahaztu, autokritika beste baterako utzi, eta besteren gaitzetan erreparatzea; beti aurkituko duzu norbait zure esanak eta arrazoiak gutxiesteko errazkeriak jota jardutea egotziko dizuna. Berdin da. Kontu txikiak dira, inor ez da larrituko.
Hitz egiten duzu urte luzez euskalgintzan ibili den itzultzaile batekin, eta esaten dizu, ezkorregi agertu nahi ez duenaren tonuz baina keinu tristez, hizkuntza ikaragarri ari dela aldatzen oso denbora tarte laburrean, eta jada ez direla erabiltzen ia oraintxe arte erabili izan diren forma eta esamoldeak, orain ezer ez dela «gogor samarra», «pixka bat gogorra» baizik. Eta zuri negargarri samarra iruditu zaizu, edo hobeto esanda, pixka bat oso negargarria.
Eta esan diozu, egunkariaren izenik eman gabe, berripaper batek bere edizio digitalean honako goiburua paratu zuela, azkar asko zuzendu zutena, bidenabar esanda: Arrakastaz ari dira betetzen Txileko meatzarien salbamendua. Ez zenuela ulertzen, meatzariak atera eta zuloa arrakastaz betetzen ari zirela pentsatu zenuela hasieran. Barre egin duzue, kontua pixka bat oso negargarria izan arren.
Ez dakizu zahar samarra zaren, edo pixka bat oso zaharra.
Samarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu