Euskadi segurua da, esan zuen Barne sailburuak, inguruko herrialdeekin alderatuz gero, Araba izan da delinkuentzia kasuek gora egin duten leku bakarra, hirutik bat, ez dago gaizki, eta Araban zer pasa ote da, etorkinak akaso, soroetan eta mahastietan lan egitera etorritakoak, ez dakite zer den errespetua, lana kentzen digute, alabak kenduko dizkigute, hain ederki bizi ginen hemen, hain lasai, hain seguru, orain atea irekitzeko beldurrez bizi gara.
Igogailuan irakurri nuen oharra goizean, propagandarik nahi ez duen komunitatearen plaza bakarrean: etxepeko azken bileran adostua ez du bete baten batek, eta bebarruko atea ireki die ezezagunei, eta bart gauean «gonbidatu» bat izan dugu 6. pisuko eskailburuan lotan. Zinez eskertuko genuke bileran adostua hitzez hitz bete eta inori aterik ez irekitzea aurrerantzean.
Arratsaldean lanetik etxera iritsi eta segituan, txirrina. Judasetik begiratu gabe ireki nuen atea, etxepekoren bat galdezka edo argitasun eske ibiliko zelakoan. Gizonezkoa, argala, berrogeita hamabost bat urte, ilea urdintzen hasia; barkatu, ez daukat lanik, limosnatxo bat emango bazenit, mesedez. Hitzik egin gabe itxi nion. Zein arraiok ireki ote dio honi bebarruko atea?
Jira
Segurua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu