Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Tangentean

2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Nork bere tangentea osatzen du munduarekin, hantxe bizi da, lerro ikusezin horretan, ez da jaisten ez bada erortzean, oreka galtzean, lur jotzean, ez da jaisten ez bada maitasunean erortzean, zulo beltz hori, zakur amorratu hori, ez du haginlaririk behar, zorrotzak ditu hortzak, orkatilatik heldu eta berekin zaramatza; orain badakizu: besteren baitan galtzen da norbere tangentea, grabitate zentroak larrutan ari direnean.

Gero, ohetik jaiki, atea itxi, eskailerak jaitsi, atea ireki, kalera irten eta oinazpiek munduarekin tangentea osatzen dutenean berriro, zurrunbilo jendezko batean bueltaka ikusten duzu zeure burua, idatzitako eta idatzi gabeko legeen menpe, bakardade eta babesgabetasun erabatekoaren mehatxupean, eta heldu dizun zakurrari helduta egiten duzu bidea, elkarren grabitate zentro bilakatuta.

Europa, altxa gaitezen, eta iratzargailua itzali duzu, zuntza irentsi, kafe txarra hartu, kalparrak haize alde orraztu, hor zaude berriro zeure tangentean, zutik lur azpian, haginlaria duzu zain. Gauza asko daukazu esateko, kontu eder asko, Greziako Kilkis ospitalearena kontatu nahi duzu, nola hartu duten langileek kontrolpean, akaso badela itxaropenik. Ahoa zabalduta isildu zaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.