Larunbat gauez Amarako estazioan trena hartu eta Añorgan jaitsita, ilunpearen erdian galdutako hiru argi zuriren azpian, munduak oso leku ilun eta arriskutsua ematen du. Baina porlanezko sabaia atzean utzi eta buru gainean ortzia duzula, ilargi betearen presentziak lasaitu egiten zaitu, eta aldapan behera zoazela, zakur zaunkak ez dira zu beldurtzeko lain, etxeak ikusten dira berehalaxe, aurrezki kutxaren argiak, bikote bat, gazteak, euskaldunak, kontzertua? Ez, hemen ez, beste aldean izango da, hamar minutu dauzkazue oinez. Ez zarete galduko, jarraitu errepidearen ondoan lurpeko pasadizora iritsi arte.
Errepidearen beste aldean, taberna, eliza, futbol zelaia, zinea izandakoa. Herri batek behar dituen gauza guztiak elkarren segidan, eta baita museoa ere. Garaiz iritsi ginen, beldur nintzen, urteak ziren Ruper Ordorika zuzenean entzuten ez nuela, sarrerak hartu genituen, kafe bat, jendea ikusi, tribua identifikatu.
Kantuan aritu nintzen kontzertuan, bafleen ozenean babestuta. Letra guztiak dakizkizu, esan zidan Nadiak. Buruz dakizkit, esan nion, lotsa eman zidan bihotzez nekizkiela esateak. Penatan utzi nuen Añorgako zine zaharra.
Eta bihar Korrika, esan nion poza azaldu nahian.
Jira
Tribuarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu