Presaka atera ginen etxetik, laurden gutxian geneukan trena, gosaldu beharra zegoen aurretik, eramateko eskatu genuen kafea. Makinari txartelak erosi, makinari txartelak sartu, azken abisua ari ziren ematen trenera sartu ginenean. Leiho ondoan eseri zen Nadia, trenak hartu beharreko norabide berean. Datorrenari bekoz beko so egin nahi diot, esan zidan irribarrez, burua jiratu eta txara itsuari begira jarri baino lehen. Neuk ere hantxe jarri nuen arreta. Alde batera ibaia, bestera txara, eman behar kostaldeko trenak bakoitzean irekitzen duela bidea. Ez dira ederrak, edo ez dira normalean edertasunarekin lotzen ditugun parajeak, baina beti gustatu izan zaizkit trenbide ondoko ibaiak, txarak, basoak, zelaiak, baratzeak, txabolak, etxeak. Baldin balego ezer benetakorik, trenbide ondoko paraje zikinok haietarik lirateke; erabiliak, maiztuak, zaindu gabeak, utziak, berdeak edo grisak, ez dira eder agertzeko nahiaren arabera eraikiak, beharraren eta ahalaren arabera moldatuak baizik, eta noski, halabeharraren arabera jantziak.
Identitateez jardun genuen gero, nola eraikitzen diren, nola galtzen diren. Eta zer ote den, denentzat berdina ote den, identitate nazionala esaten zaion hori.
Txara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu