Ernest Hemingwayrena da ezagunena: «Jaioberriarentzako zapatak salgai. Erabili gabeak». Sarean ikusia: «Andregai soinekoa salgai, akatsez behin erabilia». Ines Arrimadasen balizko bat: «Hori koloreko jaka pare bat salgai, oso merke». Aurora Luque poetak: «Labirintoak salgai, erabiliak, ongi nahasiak. Zazpi-zortzi urteko galera bermaturik. Ariadnaren haria itzuliko da asebeterik gelditu ezean». Etsia hartutako ikasle ohi batek saldua: «EGA azterketako atariko frogen bilduma salgai; ariketen hutsuneak akatsez eta denbora galduz beteta». Txiste zahar bat ere badago: «Autoa saldu behar dut, gasolina erosi ahal izateko». Denok geure denborarekin egiten dugu gauza bera: dirutan saldu, aisialdia erosi ahal izateko. Baina ez du graziarik.
Saldu ez, baina etxe pareko obretako kontainerraren ondoan abandonatu dute ibilgailu bat, adineko jendeak erabiltzen dituenetakoa. Inora iritsi da norbait. Argazkia atera diot eta salgai jarriko banu, bigarren eskukoak saltzeko onlineko aplikazioren batean, nola iragarriko nukeen pentsatu dut. Zaharren taka-taka etxera eraman ez eta saltzerik ez dudanez (beste norbaitek, zuhurrago, eramanen zuen), irudiarekin txio bat edo zutabe hau baino ezin dut egin, tristeziaren isurbide.
JIRA
Wallapop
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu