Zapartarazi

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Ez dakit zergatik, asteburuarekin hurbiltzen zait auzoa. Neu naiz akaso zerbaiten esperoan hurreratzen natzaiona. Gaur goizean topatu dut, supermerkatuko ilaran. Lehor egin dit. Azken eztabaidaren ondoren, ez gaude onenean. Hitz goxoren baten bila aritu naiz hautsak hartutako ene ganbaran, ezer ez esatea erabaki du nire baitako zintzoenak. Lotsaren arrastorik gabe, beharbada haserretzen badut zerbait esango didan itxaropenaz, scanner-a pasa diot goitik behera. Ingurukoen larunbatetako poza zapartarazi asmoz jantzitako arropa soinean, ilea orraztu gabe, bere ondoeza burgesei muturrean igurtzi nahia ikusten zaio begirazunean. Litxarreriaz beteta darama orgatxoa, litxarreriaz eta garagardo latez, etxean emango du asteburua, astean zehar atzeratutako etxeko lanak egiteko baliatuko ditu gaurkoa eta biharkoa. Eta telebista ikusteko. Lo egiteko eta lo egoteko.

Hi haiz ederra! Hedabideek Txileko meatzarien historia erabili eta zukutu egin zutela bota niri aurpegira, erreskatearekin hartu nuen poz txikia zapuztuz, eta orain begira, kasurik ere ez diek egin Ekuadorren hildako lau meatzariei, aipamen triste bat ere ez Txinan hildako 37 meatzarientzat. Berdin-berdina haiz, hedabidea halakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.