Jira. Xabier Gantzarain
Zarata
Hementxe bertan daukazu adibiderik onena: hemen ari gara, ezker-eskuin, jira eta bira, eguna joan eta eguna etorri. Nork bere maitasun eta gorrotoak, nork bere poz eta nekeak, egunero hurbiltzen gara pixka bat elkarrengana, eta egunero aldentzen gara amiñi bat gehiago elkarrengandik. Geure barrunbe ilun, heze, hotz, inoiz bero, inoiz alaietatik jaulkitzen zaizkigu hitzak, eta geure barrunbeek ordura arte bezalaxe jarraitzen dute. Badakite bihar gauza bera izanen dela, zaratak hartuko duela mundua, telebistak epelduko dituela etxe guztietako egongelak, erosketa guneetan sozializatuko direla gazteak eta zaharrak, greba egingo dutela langileek eta berdin-berdin hartuko dituztela erabakiak agintariek. Argi pixka bat ekartzen saiatuko gara apika, liburuak eta kantuak goratuko ditugu, edertasunari abestuko diogu ahal dugun bitartean. Hitza hitzari lotzen saiatuko gara, langintza nekeza da, ez zaizula ulertzen esango dizute, ez didate barkatuko jaioterriari infernua deitzea. Zarata egiten dugu zarataren gainean. Eta azkenean, hitzen oihartzuna erabat itzaltzen denean, orduantxe batzen gara berriro ere, xake taulako peoiak kutxan batzen diren zarata lehor eta isiltasun betierekoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu