Urdin zegoen zerua, hotz egiten zuen, egunkariek inperioaren tripak jarri zituzten agerian, espioitza sareak, informazio trukeak, sekretuak, ez zegoen gaizki astelehen buruzuri baterako. Edu Lartzangurenek kazeta honetan bertan Laurie Andersoni egindako elkarrizketa etorri zitzaidan gogora. Neuk ere halaxe uste dut: txinatarrek hobeto gobernatuko dute mundua.
Kalera bidean, bebarruko atea lixatzen ari den langilea ikusi nuen, egun ona opatu nion, harrituta begiratu zidan, baita zuri ere. Aspaldian ez daukat beste konturik, eta galdezka hasi zitzaidan lepo gainean daukadan irabiagailu madarikatu hau. Zenbat ordu sartzen ote ditu, zenbat urte ote daramatza? Irakurri ote ditu inperioari buruzko albisteak? Izango ote du seme-alabarik? Zer gustatzen ote zaio, nola pasako ote ditu asteburuak? Nora joango ote da, gustatzen ote zaizkio museoak? Zer egingo ote du ez duenean ezer egitekorik, zertan emango ote du bere denbora, gustatzen ote zaio irakurtzea? Joango ote da Durangora, ba ote du liburu elektronikoak paperezkoa jango duen kezkarik, betetzen ote zaizkio begiak poema onekin?
Autobusean liburua ireki, eta poliki-poliki irakurri nituen hitzak: zeruaren azpian nor ez da arrotza?
Zerua ez da urdina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu