Handik eta hemendik

Kale bat Martin Luther Kingentzat

Imanol Murua Uria.
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Ronald Reagan zenaren bi seme, Michael eta Ron, aitaren biografia saltzen ari dira egunotan. Aita saltzen ari direla idatzi du baten batek, baina, zehatz esanda, aitari buruzko liburu bana idatzi dute, eta orain promozioa egiten ari dira, telebistaz telebista. Zaharrena, Michael, errepublikarra da aita bezala, eta eskuin-eskuineko kateetan ari da tourra egiten. Gazteenak, Ronek, liberala dela dio, aitaren aldean ezkertiarra dela alegia, eta telebista ez hain eskuinekoetan ari da liburuaren azala erakusten. The New Reagan Revolution du izenburua seme zaharrenaren lanak, eta My Father at 100, gaztearenak. Ez da kasualitatea bi liburuak aldi berean argitaratzea: otsailaren 6an 100 urte beteko dira AEBetako presidente ohia jaio zela.

Bi liburuek beren oihartzuntxoa izango zuten bestela ere, baina kontua da bi semeak ika-mikan hasi direla, mendeurrena iristeko oraindik bi aste falta direnean: aitak alzheimerraren lehen zantzuak artean presidente zenean izan ote zituen iradoki du seme bihurriak, bigarren agintaldiaren bukaeran burua huts egiten hasi zitzaiola alegia. Michaelek, seme nagusiari dagokion eran, Ronen aurka egin du.

Badirudi semeak ez direla ados jarriko. Beste norbaitengana jo beharko dute alde bateko zein besteko telebistek, afera argitzeko. Badago atea non jo. Paul Laxalt, guraso zuberotarren semea, Robert idazlearen anaia, gaur egunwashingtondar erretiratua, Reagan presidentearenaholkulari gertukoenetakoa izan zen: Nevadako gobernadorea eta senataria izan zen aurretik, Alderdi Errepublikarreko presidentea, Reaganen kanpainako burua eta, Etxezurian, presidentearen eskuin eskua. Ez da hori dena: Joseba Etxarrik Euskaldunen Amerika (Elkar, 1994) libururako egin zion elkarrizketan Laxaltek berak kontatu zuenez, Reaganen bigarren eta azken agintaldiaren bukaeran, 1988an, Alderdi Errepublikarreko hautagai berria aukeratzeko barne hauteskundeak hastear zirenean, itzal handiko zenbait alderdikidek artzain zuberotarraren semearen hautagaitza bultzatu nahi izan zuten, demokratekin lehiatzeko ondoen kokatua bera zegoelakoan. Ez zuen nahi izan. Edo ez zuen benetako aukerarik ikusi. Edo ez zen ausartu.

Auskalo: mundua ezberdina izan zitekeen, laxaltarrak beste erabakia hartu izan balu. Akaso, George Bush aitari nagusitu egingo zitzaion, eta, ondorioz, Bush ez zen presidente izango. Bush aitaren itzalik gabe, Bush semea ere ez zen inoiz Etxezurira iritsiko. Eta Bush semea Etxezurira inoiz iritsi ez balitz... Imajinazioa, libre.

Barka ameskeria. Telebista asko ikusteak kalte egiten du. Eta telebista amerikarra ikusteak, are gehiago. Gainera, Reaganena baino urteurren interesgarriagorik izan da Atlantikoaren alde honetan: Martin Luther Kingen jaioteguna, urtarrilaren 15a, jai egun ofiziala da Estatu Batuetan. Gutxien zutenen aldeko haren lanak eta gerren aurkako haren mezuak nekez izango zuketen leku nabarmenik gaur egungo Estatu Batuetan, baina bizi ez denez, itzala du gizonak: 1968an Memphisen tiroka hil zutenetik, 770 kale eta 125 eskola inguruk hartu dute Martin Luther Kingen izena. Lantokiak eta eskolak itxi egin zituzten astelehenean —dendak ez dituzte inoiz ixten— Tea Partyk gero eta indar handiagoa duen herrialdean, herritar guztien arteko berdintasuna aldarrikatu eta eskubide zibilen alde borrokatu zen gizonaren ohorez.

Eskubide zibilak denentzat, berdintasunean. Ona leloa. Kale bat behar du Martin Luther Kingek, Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.