Aner Euzkitze.
MELE

Kale estu hura

2023ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Gasteiz. Adurtza. Karrerako bigarren urteko ikasle-pisua. Laugarren solairua igogailurik gabe.

Egunero esnatzen zara, ostiraletan beranduxeago normalean. Hezetasun basati batek hartzen du etxea eguerdiko hiruretara arte, paretek ere estutu egiten zaituzte, burkoak nazkatxoa ematen du (burkoak berak zorroak baino gehiago). Jaiki ere egiten zara, eta etxejabeari hilero sobrea emateko arrazoi nagusi den etxeko eremu bakarrera joaten zara lehengo astetik gailetarik geratzen ez dela berrikusi ostean, kaputxino disolbagarria plastikozko basoan: terrazara. Eguzkia sartzen da kale estuaren goialdetik, bizpahiru orduan iraungo duen eguzkia, goizegi edo beranduegi esnatuz gero harrapatuko ez duzuna. «Egun on!»: zeure buruari lehenbizi; zu baino lehen esnatu izan daitekeen pisukideari gero; haietakoren baten nobioari zorte txarragoa baduzu.

Hiru aulkietako bat hartu eta eguzkitan esertzen zara kaputxino epela hartzera, kale bukatugabe horren hustasunari so. Hor dago. Hilabete hauetan guztietan irekitzera ausartu ez zaren inora ez zinderamatzakeen ate zentzugabe hori. Eguneroko pintaketa, haren ondoan, letra larrizko espainieraz: «zoriontasuna jarrera bat da». Kaka. Berriro sinetsi duzu.

Idatzi zuenak ere sinetsi egingo zuen ziurrenik, esprai lapurtua eskutan. Ez dakit autokonbentzimendua edo autoflagelazioa den: alde bakarreko bi ezpata. Berriz ere zure errua da zoriontsu ez bazara, zoriontasuna jarrera bat delako, ez baldintza batzuk, ez antzerki bat. Zu zara.

Kafearen azken hondarrak ez dituzu edan ohi. Ordu-erdi galdu duzu. Joan da eguzkia kale bukatugabetik. Harraskan utzi dituzu kaputxino- eta esprai-hondarrak, astelehenean garbitzekotan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.