Hitz beste

Katolikoa

Anjel Lertxundi.
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Lagun batek goiza harritu zidan atzo, aspaldi entzun gabeko espresio batekin: «Ez nauk oso katoliko jaiki». Dentistarengana nindoan ni, eta, mamuak uxatzeko, ez nion nire katolikotasunaren neurria aipatu. Autoan sartu eta irratiari entzun nion lehen albistea ere ez zen batere katolikoa: Benedikto XVI.a epaitzeko eskatu diotela Hagako nazioarteko tribunalari, gizateriaren aurkako krimenak leporatuta, hainbat eliz gizonen sexu-erasoak estaltzeagatik. Dentistaren dibanean etzan nintzen nire hortzak garbitu eta nire itxura txukun zezan. Hartan, anestesiak erdi tontatuta, Ratzingerren irudiak korapilatu zitzaizkidan zabu zoroan: orain gutxi arteko hortz-arte ozpindua zeukan irudi batzuetan, orain daukan agure dontsu baten irribarre gozoa beste hainbatetan. «Operazio estetikoren bat egin ziotek aita santuari!», egin nuen oihu.

Anestesiak ez ninduela batere katoliko utzi komentatu zion erizainak dentistari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.