martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Kazetaritza, lanbide zoragarria

2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Askotan galdetu izan diot neure buruari munduan lanean ari diren milioika langileen artean zenbat ote dauden gustura daukaten lanbidearekin. Ez naiz, bistan da, lanean daukaten egoeraz ari: soldata, ordutegia, lan giroa, arduradunen jokabidea... Kontziente naiz, askotan, lan egoerak baldintzatzen duela langile batek bere lanbideaz eduki lezakeen iritzia.

Adibide batzuk jarrita hobeto ulertuko da. Zaila da bihotzeko ebakuntzak egiten dituen zirujau batek poz handia ez sentitzea ikusten duenean kalean normaltasun guztiarekindabilela ebakuntza egin ez baliote heriotzara kondenatuta zegoen pertsona. Antzeko poza sentituko du arkitektura fakultateko irakasle batek ikusten duenean ikasle bizkor eta irudimentsu hura erreferentzia dela gaur arkitekturan. Horrelako asko. Era berean, luzea irudikatzen dut motibazioa nekez sortzen duten lanbideek ostutako zerrenda. Beharrezkoak diren lanbideak, onar dezadan.

Kazetaritza da motibazio handia sortzen duten lanbide horietako bat. Pentsaera, jardun, ezagutza, jatorri eta era guztietako jendea ezagutzeko aukera ematen dizu, haien lanean adituak direnengandik edo bizitza esperientzia interesgarriak dauzkatenengandik asko ikasteko parada eskaintzen dizu; kasu askotan, ordura arte ezagutzen ez dituzun errealitateen berri emanez zure pertsonalitatea moldatzen laguntzeraino. Ez da lanbide askotan gertatzen.

Kasualitate kate baten ondorioz iritsi nintzen kazetaritzara, ETBra lehendabizi, eta Egunkaria-ra gero. Helduen euskalduntzearen pareko lanbide motibatzaile batetik beste zeregin motibatzaile batera igaro nintzen,kazetaritzara.

Nire lan ibilbidearen bukaerara iritsita, ezen ez geldirik eta isilik egotera, esker onekoa izateko unea da. Pertsona hobea izaten lagundu didaten eta lanbidea erakutsi didaten lankideei, eduki ditudan administrazio kontseiluetako kideei, era guztietako eragileei eta erakundeei.

Eta, bereziki, zuoi, irakurleei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.