Laster argitaratuko duten Orioko baserriei buruzko lan panpox batek haurtzarora eraman nau trostan, eta oroitzapenari oroitzapen nenbilela, aspaldi hondatu omen zen Kimerategi baserriaren izen bitxia atera zait bidera: oso hurbil omen zegoen ni jaio nintzen etxetik, baina eskerrak ez nuen haren berririk izan! Kimerak liskarra esan nahi baitu, bertan bizi zirenen etengabeko drogak hondatu ote zuen etxebizitza? Ez ote zuten hiru buruko Kimera bezalako munstroren bat gordetzen ukuiluan, ahotatik su eta lama, gure etxetik hain hurbil? Bertako baserritarrek eguneroko lana baztertzen ote zuten, txakur-ametsetan eta kimera utopikoen atzetik beti, Chaplin bezalatsu Urrearen kimera film gogoangarrian?
Ez dago jakiterik zergatik jarri zioten hain izen bitxia baserriari. Ez naiz, ordea, kexu, aitzitik baizik: haurretako xalotasun berberarekin egiten ari naiz haurretan egin ez nituen galderak… baina beldurrik gabe.
Hitz beste
Kimerategi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu