Uda beteko (p)lana

Kosmetika

garbine ubeda goikoetxea
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Inguruetako kosmetika denda handiena den parafarmaziara, berrogeita hamar bat urteko gizonezkoa heldu da. Larri dirudi. Saltzaile uniformatuak bezero banarekin berriketan eta luzerako ari direla konprobatu ostean, larruazala zaintzeko kremak ageri diren apalategietara jo du agudo. Kaxak banan-banan hartu, lau aldeak arakatu eta bere tokira itzultzen ditu, lerroan zuzen edo atzekoz aurrera utzi dituen sobera erreparatu gabe.

Hautatutako piezen tamainagatik, aurpegirako kremaren bat bilatzen duela ematen du. Botikekin egingo lukeen moduan ari da, alabaina. Kaxaren estetika eta marka bakean lagata, kremak lekarkeen osagai aktiboari eman nahi dio garrantzia (alegia, parazetamolari, eta ez Doliprane, Eferalgan edo dena delako izenari). Hortz artean trabatzen zaizkio, ordea, hitzak. Bateko, peptidoak eta erretinola, eta fribroziklamidea, eta glikoproteina omen den fibrilina, eta azido hialuronikoa, glikolikoa, ursolikoa… Besteko, adinaren aurkakoak eta zimurren kontrakoak (ez omen da gauza bera) eta liftingak eta espresio markak eta egunekoak eta gauekoak eta begien ingurukoan ematekoak…

Neuronen kolapsorako ezer gutxi falta zaiola, saltzaileetako bat heldu zaio erreskatera. Laguntzarik behar ote duen galdetu dio goxoki, eta honek, emaztea une delikatua pasatzen ari dela eta gustuko oparitxoa egin nahiko liokeela azaldu dio. Datu gutxi batzuk eskatu ostean —erdipurdika erantzun dizkio—, gomendioa luzatu dio saltzaileak.

Gizona ez da erraz konformatzekoa, antza. Galdera inozoak eta ohar zentzugabeak botatzen dizkio hitz-totelka. Adibidez, halako pote eskasak nola balio ote dezakeen 120 eurotik gora, edo batetik bestera hainbesteko aldea zergatik dagoen, edo generikorik ez ote duten asmatu.

Entzundakoak entzunda, ohiko taktikak alboratu eta gizonaren entzefalogramara errazago egokituko den adibidea bilatu du bere galbahean:

—BMW eder bat edo Fiat txiki bat erosiko duzun erabakitzea bezalatsu da, gizona. Hasteko, zertarako behar duzun, eta bigarrenik, aurrekontua, hipotekarako ez diren sosak nola gastatu nahi dituzun, nola ematen diozun plazera zure buruari, parrandan xahutuz ala autoan inbertituz…

Gizonak ez du besterik behar izan. Birikak ongi hauspotu eta gero, Audia eskatu dio ziurtasunez. Saltzaileak Sharon Stone bisturiz lisatu eta photoshopatuak iragarritako krema sorta jarri dizkio zorro ederrean, xingola gorri eta guzti.

Patrika hustu badu ere, pozik joan da gizona. Lagun artean harro imajinatu du emaztea, atzeko gurpilen trakzioaz hizketan, denak aho zabalik dituela. Pozik halaber, emakumeak ulertzeko pauso garrantzitsua eman duelakoan. Areago, hurrengo hilean beretzako moduko 'Ferraririk' ba ote duten galdetuko dio. Berak ere merezia duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.