Hedoi Etxarte
LARREPETIT

103

2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Altxamendu bat «bizitza den desiraren potentziaren zabaltzea da». Ala, Kantek esan zuen bezala adierazteko: «Bizitza da izaki batek desiratzeko gaitasunaren legeen arabera jokatzeko duen potentzia». Herri errebolta bat ikusten dugunean, hor dago «pasioa», hor dago «askatasuneranzko joera». Baina pasio hori ez da, Didi-Hubermanek dioenez, bestelako pasioen antzekoa. Ez da funtsezko pasio bat, da pasio fundatzaile bat, hor sortzen da giza subjektua.

Giza bizitza askatasunaren desira da. Iraultza bizitzaren duintasunaren eraikuntza da, irudimenaren askatasuna, abegikortasun unibertsala, askatasuna ez delako boteretsuenen aleatorietatea, askatasuna da nekazariek kosmonauta izateko aukera izatea eta intelektualek nekazari lanak egitea. Idatzi zuen Foucaultek: «Iraultzak beti du gelditzeko arriskua, baina, gertakizun gisa, bere existentziak betiereko birtualitate bat dauka eta horrek ahaztezin egiten du». Betiereko birtualitate horri, kultura antikomunistan, nostalgia esaten diotena. Baina, ez ote zuen, Didi-Hubermanen aburuz, Foucaultek «Zer da Ilustrazioa?» galdetzean «Zer da Iraultza?» galdetzen ere.

Inork pentsa lezake desirak, altxatzeak, zutik jartzeak, ez duela harremanik zapalkuntzaren kontra jotzeko bidean. Baina desira hori gabe ez dago lehenengo pausorik. Ezin da pedagogia soiletik piztu askatasunaren bulkada. Eta, gainera, «negatibismotik» sortutako desirak ez du gaitasunik izango «askatasun maila gorenago bat» erdiesteko.

Urtero da epai bat azaroaren 7a, Sobietar Iraultzaren urteurrena, bizitzan non gauden neurtzeko ekuatorea, urtearen hasiera berri bat. Hemen ginen duela hiru, bizitza ospatzen, eta hemen gaude gaur, bizitza piztuko duen potentziaren zain. Alienazioa ukatzen dugulako gara ateoak, baina horregatik hain justu egiten dugu irudimenaren alde, altxatzeko potentziak bakarrik disolbatzen dituelako kontrairaultzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.