LARREPETIT

(A) Normaltasuna

Garazi Goia.
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Lehenengo aldiz ikusi nuenean, oraindik berarekin hitz egiteko aukerarik izan ez nuenean,ez zitzaidan normala iruditzen ikusten nuen hura. Euskal Herritik milaka kilometrotara geunden,euskararen aldeko jaialdi batean. Gehienak euskaldunak ginen, edo euskal jatorrikoak bestela, edo Euskal Herrian denboraldi luzez bizi izandakoak. Hura izan ezik. Ez zeukan inongo loturarik Euskal Herriarekin.

Hitz egitera hurbildu nintzaionean, euskaraz agurtu ninduen eta bere istorio laburra kontatu zidan: duela 50 urtetik gora Donostian izan zela, eta hurrena Hendaian pasatu zituela bi udara. Ordutik Euskal Herriak maitemindu zuela eta behin erretiroa hartu eta handik urte batzuetara hasi zela euskara ikasten. «Ez da hain normala egiten ari zarena, ziur ez dagoela beste arrazoirik?», galdetu nion.Irudimenari bueltaka nenbilen, beste zerbait edo norbait aurkitu nahian.Nire burua konbentzitu nahi nuen, kontatu ez zidan zerbait egon behar zuela pentsatuz. Ezezkoa errepikatu zidan berriro. Aldiz, berarentzat normala zela esan zidan, hizkuntza bat ikasi nahi izan zuela eta zer inporta dion frantsesa, alemana nahiz euskara izan.

Normala eta anormalaren arteko muga ni neu ari nintzela jartzen esan zidan.

«Euskal Herrian ikustera ohituta gauden horretanez da normala zu bezalako asko aurkitzea, ordea», erantzun nion.

Berriro ere normala hitza sartu nuen. Konturatu gabe.

Nire buruan dudan normaltasuna desorekatu eta anomaliak sortzen dituzten gehiagoren beharra sentitu nuen. Edo bere buruan duen anormaltasuna desorekatu eta normaltasuna sortzen duen gehiagoren beharra. Nahi duzuen bezala.

AsteburuanDurangora joateko hegazkina hartzen dudanean, ea berriro ere hegaldi berean harekin topo egiten dudan.Iaz bezala, kasualitatez, bera ere azokara zihoan. Euskararekiko pasio hori normaltasunez daraman pertsona eredugarri hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.