Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Aitormena

2017ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Gogoratzen naiz abuztuaren 29 batez, ohetik jaiki, eta gure ama dantzan aurkitu nuela sukaldean (ez zen lehen aldia izan, baina aldi hori bereziki gogoan daukat). «Izeko Mari Terek irratira deitu du ni zoriontzeko, eta kantu hau jarri dute niretzat». Bere ondoan dantzan hastea izan zen egin nezakeen zentzuzko gauza bakarra. Aitormena zen eskaini zioten kanta hori: Hertzainak taldearen Aitormena. Niretzat, eta nire adin inguruko askorentzat, Hertzainak-era eraman gintuen kanta izan zen; baina, hara non esan duen irratian Josu Zabala Hertzainak-eko kideak taldearen agurreko kanta izan zedin idatzi zuela. Ez omen zuten arrakastarik espero. Gu, ostera, oraindik ume ginela, taldea ezagutzen hasi ginen orduantxe.

Urteak pasatu ditugu kantaren esan gurea eztabaidatzen: drogari eginda dago, bistan dago maitasunezko kantua dela, errutinaren morroiak ez ote diren drogari engantxatuta daudenak, ahaztu ezingo duzuna ez ote den izango maite izan duzun norbait... ezin, ordea, inori arrazoirik eman eta kendu. Irakurri izan diet idazle eta kantariei euren lanak jendearenak direla behin argitaratu eta gero. Jendeak, ordea, jakin egin nahi du, jakin egin nahi dugu, jakin egin nahi dut. Guk interpretatzen dugunetik harantzago, badirudi gustatzen zaigula bertsio ofiziala izatea.

Jakina, bertsio ofizialak ez dira beti erromantikoak eta epikoak izaten. Hertzainak-ek bere buruari idatzitako agur kanta da Aitormena: ez dago drogarik, ez desmaitemintzerik. Irribarre txiki bat atera zait irratiaren alboan: neure buruari errua zeurea da esango banio bezala. Izan ere, nik banuen aitormen bat: izeko Mari Terek amari egindakoa. Zerbait borobilagoa nahi nuen, ordea: ez hain nirea, ez hain xumea, ez hain egunerokoa, ez hain familiarra. Zerbait epikoagoa behar nuen. Ez da halakorik egon. Dakiguna ez ote den, askotan, zeren bila ari garen ziur jakin gabe bilatzen dugun egia baino ederragoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.