Alerta terrorista

2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Al-Qaidaren atentatua iragarri digute hila amaitu aurretik eta egun gutxi geratzen zaizkio azaroari. Hurrengo egunetan zapaldu beharko dudan tokirik arriskutsuena: Tegeleko aireportua. Baina, azken batean, han dira kontrolik zorrotzenak. Metrailetaz armatutako soldaduak daude tren geltoki eta hiriko puntu minberenetan ere bai, baina ezin da aireportuko kontrolekin alderatu: ordenagailua poltsatik atera gabe eta gerrikoa erantsi gabe sartzen gara treneko bagoira.

Hori bai, inoiz baino gehiago zaindu behar ditugu fardelak; konturatu orduko roboten laguntzaz lehertuko dizkigute bestela. Jabe gabeko poltsa eta jarrera arraroetan arreta jartzeko eskatu digute. Nik ez dakitpertsona susmagarriak antzemateko gai izango ote naizen, eta, gainontzeko hiritarrak ni bezain detektibe txarrak badira, jai daukagu!

Estatistikoki, aukera gehiago dut loterian milioi bat irabazteko, atentatu terrorista batean hiltzeko baino. Hori bai, lehena pozgarria litzateke oso eta bestea sekulako drama.

Ez pentsa abisua txantxetan hartu dudanik. Interes politiko zehatzak ezkutatu arren, ez du zertan gezurra izan. Egongo da ziurrenez atentaturen bat lehenago edo beranduago. Baina Thomas de Maiziére Barne ministroak berak eskatu digu egunerokotasuna beti bezala bizitzen jarraitzeko. Kezkatzeko arrazoiak ditugu, esan du, baina ez histeriarakoak.

Hala bada, eta alerta egoera hau justifikatua den ala ez egiaztatzeko baliabiderik gabe (terrorearen munduan, informazioaren ezaugarria baita sekretua izatea), egin dezagun beldurra gainditzeko ahalegina. Trena arriskutsua bada, har dezagun trena inoiz baino sarriago.

Netzpolitik.org blogean irakurri dut beldurrak eragindako jarrera iheskorrek atentatuek baino kalte sozial handiagoak dituztela. Larriena: eskubide zibilen murrizketa masiboak onartzen hastea. Datorren lekutik datorrela ere, beldurra sorrarazten duenak xantaia egiten du beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.