Europako Parlamentuak amatasun baimenak 20 astera luzatzea babestu du, denbora horretan soldataren ehuneko osoa jasotzeko baldintzarekin. Aitatasun baimena, berriz, gutxienez bi astekoa izan dadin proposatu dute. Baina oraindik proposamena Europako Batasuneko 27 herrialdeekin negoziatu beharko da.
Albistea irakurri dudanean atentzioa eman didana, hirurehundik gora izan direla proposamenaren aurka bozkatu dutenak. Egungo krisiarekin proposamena ez dela bideragarria esan dute. Aitzakia galanta! Amatasuna eraginkortasun ekonomikoa definitzeko tresna bezala erabili gabe, beste borondate bat erakutsi beharko lukete!
Beste herrialdeetako kasuak begiratu ditut eta Danimarkako eta Norvegiako kasuak eredugarriak iruditu zaizkit: haurra izan ondoren derrigorrean hartu beharreko gutxieneko epe bat dute bai aitak eta amak (amarena denboraldi luzeagoa delarik); eta, ondoren, urtebete inguruko baimena dute gurasoek (aitak edo amak, aukeran, beraiek erabakitzen duten bezala) eta denbora horretan ia soldata osoa kobratzen dute.
Zalantzarik gabe, hainbestetan aipatzen diren neurri berdintzaileetatik askoz gertuago daude lurralde horietan. Eta, garrantzitsuenadena, gakoa aukera ematea dela iruditzen zait: guraso bakoitzak erabaki dezala beraien haurra nola hezi nahi duen. Finean, eta adibide bat jartzearren, bizitza pertsonala eta profesionala bateratzeko borrokan dabilen ama batek (nire inguruan, behintzat, aita gutxi ezagutu ditut antzeko egoera batean), lanpostu nahiz ibilbide profesional hobea edo txarragoa daukanaren arabera hartu dezakeelako haurra izan edo ez erabakia. Bere amatasun sena kontuan izan gabe. Ez daukalako beste aukerarik.
Ama(aita)tasunaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu