Lagun utilitaristek, ikasketa oro lanerako produkzio, curriculumeko titulu eta administrazioko puntuen barruan ulertzen dutenek sarri itauntzen didate: zertarako balio juek zaharren ipuinek? Ez ete dozak denborapasa hutsa? Neguko gau oskarbiren baten galdetuz gero, hau erantzun ohi diet:
Bada ipuin bat Euskal Herriko luze-zabalean kontatua izan dena, beheko suaren ondoan, neguko gau hotzetan. Ataunen Mateo Txistu deitzen diote, Soraluzen Juanito txistularixa , Oiartzunen Salomon apaiza, Kortezubin Malebiko abadie eta gure eskualdean Fraidearen txakurrek. Izena dena delakoa izanda ere, istorioa berbera da Aturritik Ebrora.
Ba ei zen ehizazale amorratua zen abade bat. Behin, mezetako une gorenean, kontsagrazioan, erbia ikusi zuen elizako atari aurretik igarotzen. Erbia, deabrua bera omen zen, elizgizona tentatzeko asmoz. Abadeak, bere lan sakratua bertan behera utzi eta ehizarako or edo zakurrak hartuta erbiaren atzetik abiatu zen lasterraldi bizian. Hori egin izanaren zigorra ezarri zion Jainkoak. Eta ordutik kondenatuta dago zerutik, atsedenik gabe, bere zakurrekin erbiaren atzetik ibiltzera. Edadekoen esanetan, neguko gauetan abade ehiztariaren txistuak entzuten dira, zakurrei deika, baita zakurren zaunkak ere.
Orain sei urte, abenduan, Mallorcako izarren behatoki batera eroan ninduen patuak. Bertan, gaueko zeru argitsuaren berri eman zigun Lluch-ek, adiskide musikari eta astronomoak. Konstelazioak seinalatzeko esku-laser txikiarekin Orion izenekoa bistaratuta ahala esanzigun: «Orion, edo ehiztaria,Europako herri ugarik deitzen dion legez, bere gerriko eta arkuarekin. Bere aurreko konstelazio biakCan Mayor eta Can Minor zakurrak dira. Horien aurreko konstelazioari erbia esaten zaio. Soilik neguan ikus liteke eta hemisferio bietan ageri denez, garrantzia handikoa izan da sasoi eta zibilizazioguztietako astronomoentzat». «Hara non dagoen gure abade ehiztaria», pentsatu nuen nire golkorako.
Larrepetit
Arbasoen izarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu