LARREPETIT

Argazkiko mutila

2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Batzuetan argazki bat bidaliko nuke testu baten ordez. Oraingoz behintzat ez daukat aukera hori, eta bidaliko nukeen argazkia hitzez azaltzea besterik ez zait geratzen. Ez pentsa, bere alde ona ere badu, argazkian agertzen ez diren gauzak aipatzeko parada ematen baitit.

Lur sail abandonatuaren argazkia burdin-hesiaren alde batetik eginda dago, eguzkia etxeen atzean desagertu aurreko momentu atsegingarrian. Eraiki gabeko eremua ezin zen duela gutxi arte zeharkatu. Ekialdea eta mendebaldea lotu behar zituen gune berdeak zatiketa izan du hain justu argazkiak erakusten duen puntu honetan. Oraingo zeharbidea ere behin-behinekoa da. Ostera ere, luxuzko etxeen eraikuntzak mehatxatzen du orubea eta historikoki, kulturalki, soziologikoki zein aisialdiari dagokionez garrantzitsua den ingurua.

Zementuzko zorua goroldio tantoz eta kristal pusketaz zipriztinduta ageri da. Eguzkiak dir-dir egiten du kristal zatietan zehar, ipurtargiz betetako paisaia sortuz. Ez da ikusten, baina azpitik errepidea igarotzen da. Burdinurtuzko 80 zutabek eusten dioten tunelean festa ospatzen da urtero urriaren 2tik 3rako gauean.

Landaretza basatia han-hemenka hazten da porlana garaituz. Mirestekoa da belar eta zuhaixkez osatutako irlek beren lurraldea hedatzeko egiten duten ahalegin eskerga. Leku arrotzean existentzia defendatu nahi duten landare menderaezinen artean, grafiti bat eta giza irudi bat antzematen dira. Txanodun kirol-jertse urdin ilun batez jantzita, lurrean eserita, zoruan trabes dagoen egitura baten kontra jarrita dago norbait. Poltsa bat du ezkerrean eta eguzkiak jo behar dio aurpegian. Argazkian zoom eginez gero, irudi misteriotsuak ustekabeko xehetasuna erakusten du: Liburu bat esku artean, arratseko azken argitan irakurtzen ari da mutil gaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.