LARREPETIT

Arrantzan

2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Uste dugunean gaztetxo guztiak wii-arekin eta txateatzearekin lanpetuegi daudela, ez ote gaude zeharo oker? Azkenaldian, fenomeno guztiz antitetiko baten joera susmatzen dut nire inguruan... Mutikoen artean ez ote da arrantzan egitea inongo azterketa soziologikok erregistratu ez duen baina gorakada nabarmena bizi duen jarduera bilakatu?

Hipotesi horretara naramaten bi pasadizo:

Lehena: Astelehenean badator neskato nerabea eskolatik etxera eta gelako mutilen inguruan kontatu du, irrigarri eta ulertezin artean, arrantzan egiten dute! Asteburuan egin duten arrantzaz baino ez dute hitz egin beraien artean! Ez omen da oso gomendagarria liluratu nahi den emakume bati arrantzaz hitz egitea. Ez litzateke, ordea, arraroaren erotismoa gutxietsi behar...

Bigarrena: gure ezagun bat arrantza egiten hasi da, semea zaletu zaiolako. Semea da arrantzan dakiena eta aitari bere jakintza guztia irakasten diona. Elkarrekin joaten dira erreka eta aintzira bazterretan une atseginak igarotzera.

Bizitzaren gakoa ahalik eta momentu eder eta preziatu gehien biltzean datzala onartzen badugu, esan liteke, arrantzan, momentu horiexek atzematen direla. Aintzira itzal batean itxaropen izpi bat aurkitzeko aukera ematen du. Amuan hiltzen diren arrainek ideia sinesgaitzek duten erakargarritasun bera dute.

Lehengoan perka harrapatu zuen semeak. Burua bihurritu zion eskuekin, labanarekin burutik buztanerantz ebakia egin zion bizkar-hegatsaren luzeran, eskua sartu zion azal azpitik, mugimendu zehatzak egin zituen han barruan eta atera zuenean, azala eta erraiak zituen esku batean, jateko ia prest zegoen arrain garbia bestean. Bizkar-hegatsa moztu eta, Sushi gisa bertan jateko puntuan geratu ziren xerrak, kontatzen du aitak harro eta harrituta. Galdetu omen zion: Non ikasi duzu hau egiten, seme? Haren erantzuna, nola ez: youtube-n, aita, youtube-n. Sarean, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.