Mikele Landa.
LARREPETIT

Aukerak dantzan

2018ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
EgaƱak martitzenean orriotan azaldu bezala, Blue Monday izenpean hasi dute zenbaitek astea. Urteko egunik tristeena izan omen da astelehena. Hipotesi edo egitate bat ziurtatu ordez, alderantzizko eragina izan duen formula matematiko baten emaitzak markatu du egutegia. Errealitatea bera eraldatzea lortu du prozedurak. Enegarren postegia. Aste hasiera urdina izango zela zekitenek bazeukaten egunean zehar bizi ahalko zituzketen ezbehar guztien kausa aurretiaz prest. Umore txarrez egoteko baimena eman zien datak, norberaren kontrolpetik at zegoelako triste ez sentitzea.

Formulak kontuan dituen faktoreen aukeraketak ordea, hein batean balio du gure gizartea deskribatzeko. Elementu bakoitzari denon errealitatea ordezkatuko duen balio kuantitatibo bat ematea guztiz irreala iruditzen zaidan arren, egia da gutariko askoren egunaren nolakotasuna zehazteko determinatzaileak izan daitezkeela. Eguraldiak, argitasun orduek edo kitatzeke dauden zorrek, ondorio desberdinekin bada ere, eragin eragiten diote24 orduz bizi beharrekoei.

Blue Monday-aren atzean dagoen ekuazioko elementuen artean bada bereziki deigarria iruditu zaidan bat: zerbait egiteko beharra. Ezer ere ez egin gabe egotea gozagarria da. Baina, tarte bat pasatu ostean, gure aurrean paratzen dira aukerak, egin ahalko genituzkeen gauza guztiak. Bat-batean geldi egotea erabakimen faltaren fruitu bilakatzen da eta ez gogoarena. Posibilitate anitzeko bidegurutzeek itolarria sorrarazten digute. Hortik dator ekintzarako beharra. Ezinegona. Erabaki bat hartuz soilik deusezta daitekeena. Erabaki bat hartu ondoko lasaitasunak ez du parekorik.

Horregatik, zerbait egiteko beharrak dakarren depresioaren aurkako errezetarik onena dantza egitea da. Behin askatuta, une oro espazioko zein zatitxo okupatu, zein abiaduratan mugitu, zenbatetan egin jauzi edo zenbateko indarrez jo aldaka kolpea bezalako erabakiak hartzen ditugulako eta horrenbeste aukeraren artean hautatzeak liberatu egiten gaituelako, indarberritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.