Etxera bidean zoazenean, bizikletaz, gauez, adi, etxe baten parean geldi dagoen hori txakurra dela uste duzu. Pentsatu gabe uste duzuna, hori da. Txakurra dela. Kale horretan asko dira iluntzean txakurrarekin paseoan dabiltzanak. Keinu mekaniko batez, aldamenetik pasatzean, burua haren norabidean biratu duzu. Bidea gurutzatzean autorik datorren begiratzeko biratzen duzun moduan.
Egiten dituzun beste mila keinu, erantzun eta jarduera bezala. Errealitatearen kudeaketa automata antzean egiten baitugu zati handi batean, eta eskerrak.
Programatuta dagoen mugimendu hutsala, beraz. Baina txakurra espero zenuen tokian eta momentuan, hara, magia, azeri aurpegiaren liraintasuna azaldu zaizu. Azaldu, agerpenaren zentzuan. Ez dagokion lekuan baitago azeria, eta haren begirada gorputzean sartzen sentitu duzu. Oso une laburra da, mugimenduan baitzaude. Eta igaro zarenean, azeriak bidea gurutzatu du, oin puntetan. Irreala dirudi ilaje gorri eta buztan luzedun izakiak.
Hori da magia. Espero ez duzunean egunerokotasunetik, ohikotik, dakizunetik ateratzen zaituen zer edo zer ezezagun hori. Txikia izan daitekeena, baina inola ere ez faltsua, bizi sentiarazten baitzaitu.
Azeri-momentu horiez hitz egin nion bisitan zegoen gizonari. Begiradan igarri nion, berak ere nahi zuela halako ikuskizun bat. Ondo zekien, ordea, halakoak ezin direla antolatu. Alabaina, bisitan zegoela Potsdamera joatea egokitu zitzaigun. Eta Berlinerako bueltan, auto barrutik, azeria ikusi genuen errepide elurtua eskuin-ezker zeharkatzen. Handik metro eskasetara, ostera ere, beste azeri bat kontrako norantzan. Benetakoak direla ziurtatzeko, haien arnasa entzutea gustatuko litzaidake. Baina begiak kliskatu orduko, desagertu dira. Ahaztu egiten zaigu azeriak bezala, magia ere gure errealitatearen zati bat dela. Horregatik harrapatzen gaitu sorpresaz bere sotiltasunarekin.
LARREPETIT
Azeriaren begiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu