Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Bakardadea

2014ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Atzoko BERRIAn Iñigo Astizek idatzitako artikulua irakurrita barruraino sartu zaidan hotza kendu ezinik nabil. Sukarrak dardara batean jartzen gaituenean legez, kontrolaezina den dardara batean. Rebeca ez den Rebeca edo Rebeca ere izan zitekeen Rebecaren istorioak min gehiegi egin didalako, egiten didalako. Eta berekoikeriak jota ni neu orain arte sekula Rebeca izan ez izanaz poztu naizela aitortzen dut, daitort. Arrazoi du Iñigo Astizek, Rebeca bakarra gehiegi dira.

Gehiegi bikoteak mehatxatzen, iraintzen, jipoitzen duen emakume bakarra. Eta are mingarriagoa gertakarien testigu edota gertakarien berri izan duten pertsona profesionalen zein bestelako herritar askoren jarrera hotza, bakardadearen putzura bultzatzen zaituen hotz bortitz hori. Urruntze agindua duen bikotekideari atea zabaldu izanak zer dela-eta egiten du biktima dena automatikoki errudun? Bortxatzailea senarra izateak zer dela-eta aldatzen du istorioa? Bere jabetzako objektu egiten ahal zaitu, bada, ezkontza agiriak?

«Beste inor edukiko banu, ez nintzateke berarekin egongo. Hori argi dut. Baina bakarrik nago. Oso bakarrik» dio Rebecak bikotekideaz, erasotzaileaz. Gogorra izan behar du benetan bakardadeak, beronengandik ihes egin nahiak norbere burua ez maitatzera eramaten bagaitu. Edozer onartzera eramaten bagaitu. Gogorragoa, oraindik ere, konturatzea bakardade horren errudun gu denok ere bagarela, baita zu eta ni ere, neurri txiki batean edo ez hain txikian. Kuadrillako batek denen begien bistan bikotekidea etengabe umiliatzen duenean eta horrek kuadrillarekin zer ikusirik ez duela uste dugunean. Alboko etxeko mehatxu oihu eta kolpeak ez entzuteko telebistaren bolumena igotzen dugunean. Kalean norbait bikotekidea mehatxatzen edo kolpatzen dagoenean izurritetik nola ihes egiten dugun bakoitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.