Larrepetit. Urtzi Urrutikoetxea

Barkoxetik Irrien Klubera

2010eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Joanesek plazak baino gehiago behar du plazak Joanes» esan zidan Amets Arzallusek duela astebete, Donibane Lohizunen txapela jantzi berri. Gure herrian behin baino gehiagotan gertatzen ziren ametsezko arratsa izan zen, bere azentu, kolore eta doinudun herri euskalduna irudikatzen. EtaZuberoko printzak ekarri dizkigu barkoxtar gazte batek, apal bezain lotsagabe. Enkarterritik Barkoxera doa bertsoaren mapa. Gure deep southa non den oraindik ezin asma, Tafalla edo Tutera izango den, baina erneko da, erneko denez, oztopoak oztopo.

Besterik da nork zer gura duen. Nor noren konpainian. 2007ko hauteskundeak beste behatuko beharko lituzkete iazko Europako hauteskundeak. Baldintzarik zailenetan, hautagai ezagunik aurkeztu ezinik, gainontzeko abertzaleek baino nabarmen boto gehiago erdietsi zituen internazionalistak. Estatuaren aurkako indarkeriarik gabeko jokalekuan —aurkako eskatzea lartxo oraingoz, nonbait—, argi samar daukat noren alde egingo luketen nafar abertzale gehienek. 2007koa ondo irakurtzeko ez da aski esatea PSNk ezkerrari egindako traizioa ordainduko duela eta aurrerakoien hautua NaBai datekeela. Balizko boto gehigarri horri, ezinbestean, 2007an lorturiko boto pragmatiko andana kendu behar zaio ekuazioak ondo emango badu. Legezko ezker abertzalera itzuliko diren botoak dira, iazko europarretan ikusi zen legez. Niretzat daukat NaBai zatikatu baten edo ezker abertzale tinko, legezko eta bake-bideetan irmo dagoen baten aurrean, bigarrenak boto gehiago lituzkeela orain bertan. Baina Imanol Muruak esan bezala, esnesaltzailearenak dira horiek. Eta datu bakarra horren aurrean: batak edo bestek gehiago izan, banatuta joatea UPNk irabaztea da.

Elkarrekin jolastea eskatu, eta muturtu egin dira asko. Ba, nik muturbeltzik ez, nik Irrien Kluba gura dut, ostadar handia denon koloreak jarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.