Ander Perez Argote

Basoilarrarena

2024ko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Urrutikoak baldin baziren hankak eta hegalak txapapotez goraino lohitutako kaioen irudiak, eta are urrutiagokoak izotz irlatxo batean bakartuta gelditutako hartz polarrarenak, guk ere badugu orain hondamendi natural orokorraren berri ematera datorkigun gure animalia partikularra. Izaki mitikoen erreinutik lurtarron planetara etorri balitz bezala etorri zaigu orain gutxi basoilarra Belaguako eski pisten ingurutara, aldaketa klimatikoa bertan dugula gogoraraztera. Eta ezin zezakeen aukeratu eszenografia hoberik, igande-pasa eskiatzera joandako hiritarren autoz betetako parkingean bueltaka ibiltzea baino.

Aitari edo entzungo zenion zuk lehen aldiz hegazti horren izena, Pirinioetan egindako mendi bueltaren batean. Ikusi, sekula ez. Nola ba: Nafarroan hamar ale baino gutxiago bizi omen dira, denak 2.000 metrotik gora, neguan (printzipioz) elurra nagusi den eremuan. Horregatik piztu dira alarmak handik behera jaitsi denean, ia ziur neguko tenperatura beroek bultzatuta, gizakien artean eroso eta espanturik gabe ibiltzeko.

Egoerak premiatuta, eta izakiaren hauskortasunaz jakitun, hura harrapatu eta bere habitatera itzultzeko operazioa jarri dute martxan mugaren bi aldeetako basozainek, arrakastaz. Jarraipena egiteko sentsore bat jarri, eta Auñamendiren magalera itzuli dute. Eta badakizu zientziaren mesedetarako dela, baina zerbaitek hazka egiten dizu zuretzat txikitako izaki magikoa zen hura aurrerantzean gizakiok kontrolatuta ibiliko dela jakitean.

Basoilarraren agerpena esnatze kolektibo baterako aukera izan zitekeela pentsatu duzu hasieran. Gero, basoilarra bera baino fantastikoagoa iruditu zaizu pentsamendu hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.