Larrepetit

Behar dok 13

2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Hil ezazu aita», agindu zigun Hertzainak taldeak, eta ez dago euskal kulturgintza modernoan hobeto egin dugun gauzarik. Erreleborik gabeko kantautore sozialak eta geuk hil aurretik zendu direnak dira libratu diren bakarrak. Baten batekin, Barandiaranekin adibidez, harago heldu gara. Hil ostean ere bere lana mespretxatu eta ahantzarazten ahalegintzen gabiltza. Oteiza ezin izan dugu hil, interprete adina ideia sortzen jarraitzen duelako mezu bakarretik. Arrazionalismo lirikoa izan zen bere herentzia eta bizitza asegurua. «Herri nekatu honen azalean lider bat behar dugula dio liderra izan nahi duenak zizelkatuta ere, cromlecha lurrera betiko erori ostean oreka bila jarraitzen duen gizakia da». Mekanizistek delirio deitzen diote, baina frogatuta dago musika edo irudiari batuta giza pentsaera adierazi eta aldatzeko ezagutzen den tresnarik eraginkorrena dela. 2+2=4k ez du haren aurka balio, gainera, erretinatik zein tinpanotik memoriara doa zuzenean.

Umezurtz geratzen gabiltza, eta Olentz aroa Madrilgo salmentetan zein Gasteizko praka jaitsieretan bilatzen duen Peter Pan izaten jarraitzen dugu. Ez genuen ulertu aita hiltzeko arrazoi posible bakarra ama babestu eta horretarakoaitaren lekua hartzea zela. Baina aita hil ostean erabaki genuen geuk bizi nahi genuela, amarekin geratzea marroi bat zela, hobe zirela hutsuneak erantzukizun kolektiboak baino eta kultura merkatu zein bitartekariek jatortasunez aplikatuko zigutela dependentziaren legea. Aita bere lekua hartzeko hil izana leporatzeko aukera hutsak birrindu gintuen. Salaketa izugarria zen, eta ez genion erantzun kolektiborik aurkitu. Dilema horrek erantzun bakarra baina era berean asko baititu, norbanakoarenak.

Ondorioz, berragerpenen sasoian bizi gara, erretiratu ostean ere, nostalgia; esperantza eta umorea galdu osteko azken aterpea profanatzera behartzen gaituen deliratzen ez dakiten merkatarien eskaparatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.