Maider Galardi

Bi egia eta gezur bat

2024ko apirilaren 4a
05:00
Entzun

Ohetik idazten ari naiz lehenbiziko Larrepetit hau. Urduri nago, eta gutxienez sei pertsonarekin kontrastatu dut ideia ona dela astean behineko erronka honi heltzea. Horietako bik BERRIAn iritzi artikuluak idazten dituzte. Indarra eman didate, eta orain ilusioa eta ardura sentitzen ditut maila berean. Baiezkoa emanda, ingurukoei baimena eskatu diet haiei buruz hitz egiteko publikoki. Horietako batek esan dit zutabe hauengatik jasotako dirua partekatu beharko dudala. Txantxetan esan dit, baina ez zait gaizki iruditu. Hasi berri den etapa hau bukatzean, afari bat egingo dut inspiratu nauten denekin: amarekin, M-rekin, S-rekin, N-rekin... eta Angela Davis, Gloria Anzaldua eta Jule Goikoetxearekin.

Agian ez da horren zaila izango. Uste dut Goikoetxeak eta Davisek elkar ezagutzen dutela. Biak zeuden Bilbon 2016an Davisi argazkia eskatu nionean. Ez da arrazializatuekin sare sozialetan dudan foto bakarra. Orain oso noizean behin sartzen banaiz ere, Facebookek gogorarazten dit kolonizatzaile zuri baten gisan Etiopiako haurrekin atera —eta sarera igo— nituela argazkiak. Nondik natorren gogoratzeko mantentzen ditut oraindik. A-k esan dit ez nukeela gauza bera egingo erasotzaile batekin argazkirik banu, eta hierarkizatzen ditugula gure «asmo onak». Instagramen begiratu dut ea bitan bortxatu nauen tipoarekin feed-a partekatzen dudan. Ez ba, lagunak arrazoi du. Argazkiez ari, ez dut froga grafikorik, baina Ibarretxerekin eta Otegirekin bi muxu emandakoa naiz lan eremutik kanpo. Senper eta Santos Cerdanekin ere bai, haiekin lana tarteko.

Hori da ikusiko duzuna, beraz. Benetakotasun asko eta asmakeriatik zu harrapatzen saiatzeko adina duen artifizio bat. Politikoa, bere gela propioko ohe erosotik idazten ari den gorputz hau halabeharrez zeharkatua baitago egia horiengatik, eta gezur gutxi batzuen atzean ezkutatzen baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.