Dutxako ur beroa mantaren antzekoa izango dela zin egin diot nire buruari azken alarmak jo duenean, berak badaezpada ere jartzen duena seirak laurden gutxiagotan. Langabezian dago, egingo du gero nik ezingo dudan loa. Minutu baten falta histeriarako kausa daitekeen tartean bezperatik prest dagoen kafea hartu dut, esneaz, (azken tetra bricka zenez apuntatu dut/diot hozkailuan itsatsiriko zerrendan: esnea) eta lanera eramateko prest ditudan fruta eta fianbrera poltsan sartu; patata tortila tomate saltsaz, konprobatu dut. Katilua harraskan utzi dut bezperako ontziekin.Ea garbiturik zein erropa dudan usnaka hasi naiz gero, horretarako gelako aegia piztuz (egingo du lo gero), eta bota marroiak non dauden ba ote dakien galdetu diot, berandu dabilenaren desesperazioz ahotsa pixka bat goratuz gero itxi ezin izan ditudan tiraderetan aztarrika. Gauzak ezkutatzen dizkidala ematen du.
Lanetik bederatzi ordu beranduago neuronen lekuan titular fideoekin etxeratu naizenean, hizketan hasi zait, ontzi txikiak handienen barruan gordetzearen egokitasunaz, eta ontzi txikiaren gainean, tapa zapal bat tarteko gainera, handirik ez jartzeaz armairua ireki orduko eskandalu burrunbatsuaz mehatxatuz. Hainbeste energiarekin egoteko zein ordutan jaiki den galdetu diot atzorako entregatu behar nuen lana amaitzera jarri aurretik kafe egin berria katiluan.
Zortziak aldera Telepizzatik hanburgesa bat eskatu eta porroa piztu dut telebistan zerbait friboloaren bila. Sustoa eman dit etxera sartzen ikusi dudanean segidan motxila lurrera botatzeko. Begira geratu zait eta ea eguna zer moduz galdetu, gaizki, nekaturik, ea egun osoan zertan ibili den galdetu diot nik, ez naizela bazenik ere ohartu, nik bakarrik ezin dudala, ez didala laguntzen esan diot, ikas dezakeela zerbait gutxienez, berak kafetera hustu eta garbitzen duen bitartean biharko kafea prestatzeko.Eta topiko terrible sentitu naiz.
Larrepetit
Botereaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu