Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Denbora hilak

2013ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Jokoan ari direnean egindako denbora bakarrik kontatzen dute. Gainontzekoari denbora hila esaten diote. Eta erlojua geratzen dute. Ez denbora, noski. Horregatik jokatzen dituzte erlojuak agindutako berrogei minutu, partidua hasten denetik amaitzen denera arte bi bat ordu joaten badira ere. Edo gehixeago.

Nire denbora hila haiei begira egin dut. Ez naiz zalea. Ez ditut arauak ezagutzen. Eta hala ere, irudipena izan dut gizon luze horiek, kirolean ari zirelakoan, bizitza lezio ematen ari ote zitzaizkidan: ezin dizugu bizitzaren iraupena ziurtatu, izan liteke luzexoago, izan liteke laburrago. Baina jokatzen pasatuko dituzun minutuetan, jokatu. Jokatu segundo bakoitza bakarra eta errepikaezina balitz bezala. Jokatu erlojua geratu arren denborak aurrera egingo duela ahaztu gabe. Jokatu dakizun ondoen, badakizun arren batzuetan irabazteko izango dela eta besteetan ez; batzuetan gauzak espero bezala aterako zaizkizula eta besteetan ez. Baina ez dadila iritsi denbora hila, egin nahi eta behar zenuen hura egin gabeko sentimentuz. Denbora hilak ere etorriko dira. Beharrezko dira. Ezin liteke bizi etengabeko jokoan. Geratzea komeni da. Atseden hartzeko eta hurrengo urratsak nondik nora egingo diren pentsatzeko.

Ez dakit nola bukatu den.

Saskibaloi jokalariz mozorrotuko naiz gaur. Eguraldia ez da aproposena, baina itxura da gutxienekoa. Saskibaloi jokalari izaten saiatuko naiz, ematen baino gehiago. Ez inauterietarako bakarrik. Bizitzeko geratzen zaizkidan bi orduetarako baizik. Ea lortzen dudan batez bestekoa: bi ordu horietatik berrogei bizitzea. Onena emanez, jokoan daukadana garrantzitsua dela sinistuz eta eginez.

Denborak dira badakidala erlojua geratzeak ez duela denbora geratzen. Baina partiduari begira pasatutako denborak erakutsi dit denborak eta denborak daudela. Eta guk erabakitzen dugula nola kontatu. Eta batez ere, nola bizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.