«—Idatzi al duk artikulu atenporal* hori? Bai, egunkarikoek eskatu ziaten erreserbako zutabea, zer gerta ere. Hi ezagututa, zerbait bilduta izan nahi ditek aurretiaz, beti azkeneko momentuan igortzen baitituk artikuluak. Beldur dituk egunen batean ez zaiela deus ere iritsiko.
Ez, ez dinat hitz bat ere idatzi; gainera, hemendik aurrera ez dinat eginen eta, hala ere, garaiz iritsiko zaizkien artikuluak.
Zertaz ari haiz?
Gogoan dun paleokazetaritza ikerketa egiten dudala, ezta? Bada, mendeko altxorra aurkitu dinat biltegiko disko gogor —bai, XXI. mendean informazioa gordetzeko erabiltzen zuten garatu gabeko tresna hori— batean. Artikulu mordoa zegon eta, ezinezkoa badirudi ere, zutabeek ez diten gaurkotasunik galdu. Zerrendatxoa egin dinat, herorrek esanen didan: turbokapitalismoari —garai hartan turbo hitza abiadura handiaren sinonimoa zunan— eta azpiegitura erraldoiei lotuta dagoen ustelkeria, ezkerreko alderdien arteko tirabirak, eskuinaren diskurtso ultrakontserbadorea, neomatxismoa*, etorkinen aurkako jarrera, euskararen aldeko aldarria, euskara batuaren gaineko eztabaida, adierazpen askatasunaren mugak, Arbizuko Txistorraren Eguna... eta Errelatoaren* jabetza intelektuala, noski. Deitura bat edo beste aldatu, siglaren bat egokitu —Eusko Jaurlaritzaren jabearena ez dinat ukitu ere eginen, jakina—, eta denboraldiko artikulu guziak prest.
Ergatiborik erabiltzen zuten garai hartan?
Bai, ez beti, baina gehienetan bai.
Aurrera, orduan. Lantegiko sirenak jo dik. Libre hagoenez gero, Zuriza tabernara jaisten ahal gaituk arrasto bat sartzera, ezta?
Kalean egin beharko dinagu. Badakin, droga kontsumoa arautzen duen lege berria ezarri zutenetik debekatuta zagon lokal publikoetan drogarik hartzea.
Kaka. Taliban halakoak!»
2319ko otsailaren 7an BERRIA egunkariko Oti atalean publikatutako hologramaren transkripzioa.
*Euskaltzaindiak 2123ko abenduaren 18ko batzarrean aho batez onartuak.
LARREPETIT
Denboraren harrabotsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu