Hedoi Etxarte

Distira eta misoginia

2024ko otsailaren 10a
05:00
Entzun

2021eko udaberria zen eta, ordurako, aski ukaezina zen Iruñerriko pop musikan zerbait gertatzen ari zela, zalapartatsua, instrumentalizatzen zaila eta, beraz, ederra. Gure burbuilatxoan abesti batzuk asko entzuten ari ziren eta gurasoen lagun bat hasi zitzaidan, suminduta, esaten: «Zer, orain denok jantziko gara Rauw Alejandro eta Rosalia bezala?». Oso deigarria zen 70 urteko gizon hura asaldatua ikustea, oharkabean, jendea txandala janzten hasiko zelako, urrezko kateak eramaten, eta gizonak kolorezko arropekin gainera. Alegia, Chill Mafiak ekarri duen kalte nagusia janzkeran izan dela.

Gizona oker zegoen, batetik, lehengoan Xabier Erkiziak nabarmendu zidan bezala, Rauw Alejandrok ez duelako bere burua janzten: lantalde batek janzten du. Baina, gainera, epai horren atzean zegoen asumitzea Adam eta Eva, sagarra jan ostean, Bob Dylan eta Joan Baez bezala janzten zirela. Bob eta Joan janzten ziren, Rauw eta Rosalia mozorrotu.

Egunotan gogoratu dut Marc Fumaroliren Mundus muliebris liburua. Elisabeth Vigée Le Brun margolari apartari buruzkoa da. Testuak dituen premisetako bat da elite politikoek, Erromatik, gizontasunaren aldarri bat egin dutela: soila, iluna, indartsua, serioa. Arketipo hori emakume-manerak zituenarekin kontrajarri zuten.

Vigée Le Brunek margolanen bidez emakume-estetika —koloretsua, distiratsua, luxuzkoa, bitxiduna— eman zien ez soilik emakumeei baizik eta margotu zituen gizonei ere. Iraultza iritsi zenean, monarkiari aurre egitea emakume-manerei aurka egitea ere izan zen, XIX. mendean, berriro, burgesek Paris modarekin lotu zuten arte, kolore eta distira guztiarekin.

Bitxia da 1917ko sobietar iraultzan ere boltxebike askok, Lunakharski buru, salatu zutela nola menosten zituzten burges txikiek nekazari eta proletarioak koloreen zaleak zirelako. Gaur egun ere, nabarmena da zenbatek ez duen arropa koloretsu eta distiratsua oro har eta, gizonena bereziki, ijitoekin, latinoekin ala Europa ekialdekoekin lotzen, modaren paradigma zuri, klasista eta misogino batetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.