Duin

UXUE APAOLAZA
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Atzo, lanean libratzen banuen ere, esnatu egin nintzen eguna artean argitu gabe, gorputza hartara ohiturik. Gai behar nukeen hala ere atzera lokartzeko; lehen printzekin jaiki nintzen libre dudan eguna aprobetxatu beharrez, sabeleko korapiloak zioenez gainerakoan errudun sentituko nintzela alferrik pasatzen utzi nuen jai eguna gogoratzean. Plan asko pilatzen dira jai duzunerako.

Garbigailua goraino bete nuen, lanegunetan hartarako denborarik ez, eta arropa gabe geratzen naizenez, eta etxea edozein deprimitzeko moduan zegoen ontziak baino garbitu ez ditudanez eguneroko zortzi orduen ondoren; xurgatzailea atera, erratza eta fregona, musika jarri, eta pasa nuen goiza hau eta hura garbituz, ordenatuz. Berandu bazkaldu, eta buelta bat ematera atera, planak beste baterako, denborarik ez delako geratzen dagoeneko. Hurrengo egunetarako otorduak planifikatu, prestatu eta zenbait izoztu behar nituen fianbrerak beterik eraman ahal izateko.

«Nik nahiago dut enpresak malgutasuna izan dezan; agian soldata jaitsiko didate, edo baldintzaren bat gogortu, baina lana mantenduko dut, ez naiz gabe geratuko auto estimurik gabe; lanarekin duintasuna mantentzen dut», entzun nuen irratiko tertuliaren batean. Metroan, fianbrerak poltsetan logaleaz buruari eutsi ezin diotenez inguraturik, ez dut duintasunaren balioa zein den asmatzen. Ez dut ulertzen zergatik den ona duintasuna izatea, horretarako bizitza entregatu behar badut. Duintasunaz kezkatzen direnek, langilearenaz, prostitutarenaz... beldurra ematen dute, beti kendu nahi dizute zerbait, entelekia horren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.