Samara Velte.
LARREPETIT

Egia historikoa

2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Zazpi urte eta erdi igaro dira Ayotzinapako ikasleen bahiketatik, Mexikoko inpunitatearen azken urteotako sinbolo nabarmenenetik. 43 zifra esanguratsua da ordutik tokiko iruditeria kolektiboan. Biktimak gehiago izan ziren arren (sei hildako gehiago eta hogei zauritu), Mexikon mundu guztiak daki nortzuk ziren 43ak: 2014ko irailaren 26ko gauean oroimen-ekitaldi batera joateko asmoz okupatutako autobusetan zihoazela atxilotu eta desagerrarazi zituzten magisteritza ikasleak.

Orduko gobernuaren azalpena izan zen ikasleek okupatutako autobusak, egiaz, tokiko kartelek erabiltzen zituztela droga garraiatzeko, eta ibilgailuak opioz kargaturik zeudela ikasleek hartu zituztenean. Azkenean, kartelekin aliatutako udaltzain ustel batzuek geldiarazi zituztela eta narkoen esku utzi, eta haiek hil eta erre zituztela inguruko zabortegi batean.

Bertsio hori egia historikoa izenarekin bataiatu zuten, eta hala deitzen zaio oraindik ere. Egiari adjektiboak ipini behar zaizkionean, bere egiazkotasunarekiko zalantza handiak dauden seinale izan ohi da: egia historiko bat baldin badago, egia berri bat edo egia faktiko baten existentzia ere iradokitzen da.

Mexikon, ikasleen gurasoek zazpi urte daramatzate, nekaezin, gazteei gertaturikoa argitzeko eskatzen. Tokiko administrazioak eta erakunde armatuek ikerketa pasiboki zein aktiboki oztopatu dute. Ez da zaila asmatzea zergatik: aste honetan argitara atera denez, armadak une oro zekien gertatzen zenaren berri, ikasleak monitorizatuta zeuzkalako infiltratuen bidez.

Apurka, egia historikoa zartatu duten datuak atera dira argitara, baina oraindik ez da egia-egia bat osatu. Egia beti da eraikuntza narratibo bat, aski kontsentsu zabala lortu duen gertakarien bertsio bat alegia, baina gauza bat da egia objektiborik ez egotea, eta beste bat, gezurraren graduazio posible guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.