LARREPETIT

Eguzki gorriak

2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Gehiengoaren kontra politika egiteak ondorioak izan beharko ditu noizbait. Joan den asteburuan, energia nuklearraren kontrako manifestazio jendetsua egin zen Berlinen. Parlamentuaren egoitza setiatu zuen jendetzak.

Bederatzi urteko ume batek kontatzen du eskolan energia atomikoa gaitzat izan zutenean taldeko denak agertu zirela aurka. Eta irakaslea soilik zegoela alde. Gure gizarteak gaitz izango du zenbait gauza hurrengo belaunaldiei saltzen.

Energia nuklearraren bukaera 2022rako aurreikusten zuen legeak. Berriki erabaki dute zentral nuklearrei ezarritako orain arteko epeak luzatzea. Bi taldetan banatuta: zazpi erreaktore zaharrenek zortzi urte gehiago eta hamar berrienek hamalau urte gehiago. 2040.a arteko denbora ematen zaie horrela.

Etsipena izan ohi da gure garaiko ezaugarri bat. Baina adostasun handia duten gaiek jendea kalera ateratzea lortzen dute oraindik ere. Baketsua izan zen manifestazioa. Erretiratuak eta gazteak, rasta-dunak eta latte machiato zaleak elkarren ondoan. Ume asko eta asko.

Gehiengo zabal batek argi ikusten du politika nuklearrak energia multinazionalen interesei men egiten diela. Energia atomikoaren bukaera ez dela multinazionalekin negoziatzeko kontua, baizik eta haien kontra inposatzekoa.

Energia nuklearrarena, adibide bat da beste askoren artean. Gizartearen indarra ez da zertan erakusten jarrera erradikalenekin. Indarra du, klaseaz, jatorriaz eta adinaz haraindi gizartean adostasun hedatua duen jarrerak. Sistematikoki horri muzin egiten dion politika estiloak ezin du etorkizunik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.