Tximeleta baten hegalen astinduak Brasilen, Texasen tornado bat eragin dezake? Tximeleta-efektuak azaltzen du sistema konplexu baten barnean aldaera txiki batek gertaera-katea sortu eta eragin handia izan dezakeela. Astindu leun batek epe luzera sistema oso bat aurretik jakin ezin den moduan eraldatu badezake, zer ezingo du mugitu Richter eskalan 9 graduko lurrikara batek?
Bai, gure mundua sistema konplexua da, eta dena dago lotuta. Horrela, Japonian hamar metroko olatu ikaragarri batek Fukushimako zentral nuklearreko sei erreaktoretatik lau hondatu eta bi astera, Alemaniako bi eskualdetako hauteskundeetan herritarrek zanpateko gogorra eman diete gobernua osatzen duten alderdiei. Pentsa zer den 58 urtez boterean egon den kristau-demokrazia bere besaulkitik kendu eta alemaniar historiako lehen presidente berdea bertan jartzea! Historikoa, ados daude denak.
Kristau-demokratak energia nuklearraren fan-klubekoak izan dira herenegun arte, hau da, Fukushiman istripua gertatu arte: Merkelek zentral nuklear zaharrenen behin-behineko itxiera dekretatu zuen handik ordu gutxira, eta sinesgarritasun eskalan zero gradua erdietsi zuen; aipaturiko hauteskundeak baitzituen gogoan. Eta herritarrak BADAKI hori —ekonomia ministroak lobby nuklearrarekin izan zuen bileran berretsi beharrik gabe—.
Izan ere, Baden-Württemberg eskualdean eta hortik kanpo ere, herritarrak badaki politikariak herriaren interesei muzin eginez ari direla politika egiten. Alderdi handien krisia ez baita kontu lokala, eta eskualde mailako hauteskundeok, egiaz, herriari bizkarra emanez egiten den politikaren kontrako sententziaren argazki bat dira: oso hedatua dagoen estilo eta metodo politiko bat zigortu dute hautesleek.
Beste kontu bat da gobernatzeko modu horrek benetan alternatibarik ote duen. Kasu honetan, berdeek hartu beharko dute erantzukizuna. Tokian-tokian, dagokionak.
Larrepetit
Erreplika politikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu