Hedoi Etxarte

Erresistentzia armatua

2024ko martxoaren 9a
05:00
Entzun

Parisko Udalak debekatu zuen, abenduan, Judith Butlerrek parte hartuko zuen mahai-inguru bat. Hamarkada luze bat darama Butlerrek markatuta, Berlinen sari bat jasotzeari uko egin zionetik 2010ean, publikoki eta esplizituki salatu zuenetik bazela Mendebaldean homo-nazionalismo bat arrazista, koloniala, islamofoboa, klasista.

Parisko Udal progresistak, xantaiaren bidez, debekatu zuen mahai-inguruaren izenburua hauxe zen: Antisemitismoaren eta haren instrumentalizazioaren aurka, eta Palestinan bake iraultzailearen alde. Bistan da, noizbait izan bazen, Judith Butler honezkero ez zela gonbidatzen zutenek irakurtzen ez zuten egile bitxi hura, lengoaiaz-eta filosofema sofistikatuak zeuzkan judu queerra bakarrik. 

Asteon lortu zuen Parisen hitza hartzea Butlerrek Paroles d'Honneur saioan, luxuzko gonbidatuekin, Paris inguruetan dauden erakunde iraultzaile nabarmenekin. Besteak beste, zera esan zuen: «Ikuspuntu ezberdinak izan ditzakegu Hamas alderdi politikoari buruz. Ikuspuntu ezberdinak izan ditzakegu erresistentzia armatuari buruz. Baina uste dut zintzoagoa litzatekeela eta historikoki zuzenagoa esatea urriaren 7ko altxamendua erresistentzia armatuaren ekintza bat izan zela. Ez zen eraso terrorista bat izan eta ez zen eraso antisemita bat izan. Israeldarren aurkako eraso bat izan zen, ez nuen maitatu eraso hori, publikoki esan nuen honekin eta arazoak izan nituen esateagatik, larrigarria izan zen niretzat, beldurgarria izan zen. Palestinarren aurkako indarkeria hamarkada luzez gertatu da. Altxamendu bat izan zen, zapalkuntza egoera batetik sortua eta indarkeriazko Estatu aparatu baten kontra, ados? Esan dezagun argi: egon zaitezke erresistentzia armatuaren aurka, egon zaitezke Hamasen aurka baina dei dezagun erresistentzia armatua eta hortik aurrera izan dezakegu eztabaida ongi ala gaizki egon zen, beste estrategia bat ote zen komenigarriagoa... Auzia da erresistentzia armatu deitzen badiogu badirudiela erresistentzia armatuaren alde gaudela, erresistentzia armatu horren alde, taktika horren alde...».

Eztabaida dezagun erresistentzia armatuaz, eta itzuli, Butlerren obrara: urtez urte potentzia zabaltzen ari den ondare horretara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.